Nola Jantzi

#dototrejantzi ekimenaren helburu nagusietako bat euskal tradizioa mantentzea eta zabaltzea da, eta, euskal dantzako talde garen heinean, zaintzeko eta errespetatzeko erantzukizuna dugu. Musikaz eta dantzaz gain, janzkera ere gure tradizioen barne dago. Urtean zehar hainbat egunetan janzten ditugu gure jantzi tradizionalak; esaterako, Agate Deuna bezperan, Euskal Jaietan, San Tomas egunean, Gabonetan… Ez gara mozorrotzen, antzina janzten ziren moduan janzten gara, gure arbasoen jaiak ospatzeko.

Baserritar jantzia landuko dugun atal honen helburua da gure ezagutzak partekatzea bai taldekoekin bai taldean ez daudenekin, ondo janzteak duen garrantzia uler dezaten eta ondo janzten laguntzeko. Horretarako, baserritar jantzien inguruko informazioa eskaintzeaz gain, ondo janzteko beharrezko baliabideak eta aholkuak emango dizkizuegu.

Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dugu baserritarrez janzten garenean, ez garela mozorrotzen ari. Hain zuzen ere, gure arbasoak janzten ziren moduan janzten gara; horregatik, harrotasun eta errespetu osoz jantzi behar gara.

Gure arbasoak behartsuak ziren, eta egun osoa ematen zuten baserrian lanean. Txukunak eta garbiak izateaz gain, asko zaintzen zuten janzkera. Beraz, guk ere hala egin behar dugu.

Diru askorik ez zutenez, etxean zuten guztia aprobetxatzen zuten: maindire-zatiak, mahai-zapiak… janzteko balio zien guztia erabiltzen zuten.

Oihalak erosi behar zituztenean, ez zuten aukera askorik. Merkatariak herriko dendara iristen ziren, eta hirietatik ekarritako ehunak uzten zituen. Ehunak zuntz naturalekoak izaten ziren (esaterako, kotoia edo lihoa), eta estanpatu eta kolore askotakoak ziren (marradunak, loredunak, laukidunak…). Hala ere, beltza gordetzen zuten ezkontzetarako eta dolu-aldietarako.

Erosten zituzten oihalekin eta baserrian egiten zituzten lihozko ehunekin egiten zituzten beren jantziak. Egunero erabiltzen zituzten landan, eta horretarako eginak zeuden. Ez ziren jantzi konbinatuak izaten; izan ere, lehen aipatu dugun moduan, ez zuten ehunak erosteko aukera askorik.

Gizonezkoen zein emakumezkoen jantziak aztertu baino lehen, zera gogorarazi nahi dizuegu: hitz egingo dizuegun jantziak XVIII. mendeko bigarren erdia eta XX. mendeko

Gora joan