Zer da #dotorejantzi?

logoapartadodotoreGero Axularren ekimen bat da. Donostiako dantza-talde bat da Gero Axular, eta dantza eta musika tradizionalen ikuskizunetako jantziei jartzen dien ardurak bereizten du.

Ahalegin handia egin eta diru asko inbertitzen du jantzietan; guztira, 60 jantzi-diseinu baino gehiagoko 3.000 janzki baino gehiago ditu, eta guztiak daude Euskal Herriko jantzi tradizionalean oinarrituta, eta xehetasun guztiak ondo-ondo zainduz.

Hain da handia gaiaren inguruan duen kezka, non taldeko dantzariekin gauzatzen dituen jarduera orokorren barruan, sartu egiten baititu formakuntza-jarduerak, hala nola jantziari buruzko ezaugarriak eta jantzia bera nola erabili ikasteko tailerrak.

Urteak daramatza Donostiako Udaleko Festak Departamentuarekin elkarlanean, aholkulari zuzen gisa Olentzeroren desfileari eta parte-hartzaileen janzkerari balioa ematen saiatuz.

Donostiako San Tomas eguneko egoera orokorra aztertuta, iaz, aurrerapauso bat eman nahi izan zuen jantzi tradizionalaren kultura ezagutzera emateko eginkizunean, eta, horretarako, Baserritar Jantzien I. Lehiaketa antolatu eta kritika oso positiboak eskuratu zituen. Hori izan zen, hain zuzen, taldea bultzatu zuena #dotorejantzi garatzera.

Ekimenak hainbat helburu ditu: baserritar jantziari merezi duen balioa ematea, donostiarrak animatzea San Tomas egunean baserritarrez janztera, jantzia diseinatzen laguntzea eta jantziaren kultura zabaltzea.

Horrekin guztiarekin, Euskal Herriko erreferente izan nahi du, jantziaren kulturan. #dotorejantzi ekimenaren asmoa ez da lan egiteari uztea. Aurten zenbait jarduera antolatu ditu, baina gordeta ditu datorren urterako proposamen ugari. Jarduerak adin guztietako jendeari (haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak) eta eremu guztiei (hezkuntza, merkataritza...) daude zuzenduta, eta aintzat hartzen ditu, besteak beste, erantzukizun soziala eta ingurumena, Donostian, Euskal Herrian eta baita diasporan ere. Hitz batez, edozein esparrutan sar daiteke, hemen eta gure mugetatik kanpo.

«Harrotasunez, ez harrokeriaz» leloarekin adierazten den moduan, proiektu honetan, garrantzi handia ematen diogu jantzia erabiltzeko sentimenduari. Transmititu nahi dugu baserritarrez janztea ez dela mozorrotzea, gure arbasoak gogora ekartzeko modua dela. Haien ohiturak berpiztu eta gogoratzen ditugu, beraiek egin zuten ahaleginari esker garatu baitzen euskal kultura, eta kultura horrekin harro gaudelako transmititu nahi dugu.

Gure baserritarrak jende arrunta zen, eta baliabide gutxi zuten; baina, ez ziren ez zikinak ez narrasak. Beren burua eder ikustea gustatzen zitzaien, guri bezalaxe, eta asko zaintzen zuten beraien irudia, ez bakarrik festetara, jarduera sozialetara eta elizara joaten zirenean, baizik eta egunerokoan ere. Garaiko idatzietan, asko nabarmentzen da emakumeek erabiltzen zuten arropa zurien garbitasuna, baita, esaterako, orbanak estaltzeko mantalak jasotzeko ohitura zutela ere. Adibide horiek, hain zuzen, erakusten digute asko arduratzen zirela beraien irudiaz.

Hori guztia XXI. mendera ekarrita da #dotorejantzi. Hitzak berak ematen dio esanahia ekimenari; dotoreziaz gain, harrotasun-konnotazioak ditu, eta irudiaren eta sentimenduaren perfekzioa bilatzen du.

Gogora ekar ditzagun gure arbasoak San Tomas egunean, haiek janzten ziren bezala jantzita; harrotasunez, ez harrokeriaz.

Gora joan